Aurkezpena

Gazte digital arduratsuak

Informazio eta Komunikazio Teknologiak atzera bueltarik gabe garatzen eta txertatzen ari dira gure inguruan. Gure gazteak online egotearen beharra dute eta ez dirudi moda denik, hiperkonektatuta bizi gara eta biziko gara hemendik aurrera. 

Internet ezinbesteko tresna bilakatu da eta gure bizitzako ia alderdi guztietako parte da: kultura, komunikazioa, ekonomia, lan-esparrua eta banakako zein taldeko ohiturak. Zalantzarik gabe Internet abantaila ugariren iturria da, baina baita egoera gatazkatsuena ere. Asko dira, munduko sarerik handienaren erabilera desegokiaren ondorio gisa jasan ditzakegun esperientzia negatiboak edota arriskuak.
Gainera, neska-mutilak, erabiltzen dituzten gailu eta aplikazioen bitartez, gizarte digital horretan gero eta goizago sartzen dira, eta beraz, sarean ematen diren egoera arriskutsuen aurrean erantzuteko heldutasun eta irizpide falta dute.

Bestalde, bizitzako hainbat eremutan, txikitatik erakutsi digute gurea dena defendatzen eta kalean kontuz ibiltzen: etxea giltzez ixten dugu eta ez diogu atea edonori irekitzen, bizikleta lotu egiten dugu, kalean ez gara edozeinekin joaten, gauez kontuz ibiltzen gara…Baina ba al dakigu nola aritu Interneten eta zein segurtasun neurri hartu?

Nola babestu orduan adingabeak Interneten modu seguruan aritzeko? 

Erronka horri, beraz, hezkuntzatik eta, oro har, gizartetik nola erantzun aztertu beharko dugu. Gazteak teknologiak eta Internet gero eta adin goiztiarragoetan erabiltzen hasten direnez, horrek eskatzen du konpetentzia digitaletan lehenbailehen trebatzea, gailuak erabiltzen jakiteak ez baitu bermatzen konpetente digital izatea.

Hori horrela, “Segurtasuna” Konpetentzia digitalaren DIGCOMP ereduaren dimentsio garrantzitsua bilakatzen da eta bere barne hartzen ditu babes pertsonala, datuen babesa, identitate digitalaren babesa, segurtasun-neurriak eta erabilera jasangarria eta segurua.

Konturatu gara eremu formaletik eta ikasarloetan integratuz oso zaila gertatzen dela “Segurtasun” esparru hau ikasleekin lantzea, beraz, eremu ez formalerako proposamena aurkeztu nahi dugu. Gazteek, bereziki, aisialdian egiten dute sare sozialen erabilera intentsiboagoa, telefono mugikorra dela eta nagusiki, eta hor eragitea garrantzitsua iruditu zaigu, ikasle hauen nortasun digitala zaintzeko eta gazte digital arduratsu bilakatzeko.