Gailuen babesa
Gailuak babesteko oinarrizko urratsak ematen jakin behar da:
- Birusen kontrako softwarea instalatua izan.
- Deskargatu materiala gune seguruetatik soilik.
- Ez ireki susmagarriak iruditzen zaizkigun e-postak eta inolaz ere ez eman informazio pertsonalik ezezagunei edo guztiz seguruak ez diren tokietan.
- Ekipo edo zerbitzuetarako sartzeko pasahitz egokiak definitzen jakin.
Askotan pasahitzak ezartzerakoan ez ditugu gutxienezko segurtasun neurri batzuk zaintzen eta ez diogu dagokion arreta jartzen pasahitza erabakitzearen gaiari. Pasahitzak ezartzerakoan kontutan izan behar diren ezaugarri batzuk azalduko dizkizugu:
Sekretua
Pasahitza sekretua izatea da segurtasunaren bermea. Pasahitza partekatuta den unetik, arriskua hasten da.
Askotan lagunekin partekatzen ditugu; eta lagun horiekin harremana apurtzekotan, pasahitza ez da segurua izango eta arazoak suerta daitezke: beste hirugarren bati esatea, datuak erakustea eta baimenik gabe beste bati ematea edo sarean partekatzea…
Sendoa
Zein da pasahitz sendoa osatzeko formularik sendo eta osatuena?
- 8 karaktere
- Letra handi, txiki eta zenbaki edo sinboloak agertzen dituena
Ez erabili:
- Hitz errazak eta ohikoak
- Izen propioak
- Zenbaki errenkadak: 12345…
- Teklatuaren letrak errenkadan: qwerty, asdfg…
- Leku izenak: auzoa, hiria, mendia…
- Konbinazio laburregiak: izena eta zenbaki gogokoena, adibidez
- Sakelako telefonoaren zenbakia
- Jaiotze datak…
Badaude minutuero milaka pasahitzekin froga editen duten programa informatikoak eta oso azkar atera dezakete zurea. Adibidez, letra txikiz soilik osatutako 4 karakteretako pasahitz bat asmatzeko 0,46 segundu behar izaten dute. 8 karaktereen konbinazio zuzena eginez berriz, 2,1 mende izan zitekeen.
EZ errepikatua
Hau batzutan zaila izaten da betetzeko ere, baina segurua izateko, aplikazio, zerbitzu edo behar bakoitzak bere pasahitz propioa izan beharko luke. Zergatik? Bestela, bat urratua izatekotan, beste guztiak ere arriskuan jarriko liratekeelako.
Baina zaila izaten da bakoitzaren gakoa gogoratzea. Zer egin?
- Bokalak zenbakietaz ordezkatuz: adibidez, etxe polita – 3tx3 p0l1t4
- Arau mnemoteknikoak jarraitu: adibidez, dakigun esaldi baten hitzen lehenengo letrak aukeratuz: Maite ditut maite nire bazterrak – mdmnb
- Modelo edo eredu berdintsuak erabili zerbitzu ezberdinetarako: adibidez, aurreko adibideak hartuta, bukaeran zenbaki edo letra handi bat gehituz eta hasiera berdina erabiliz: posta elektronikoan, adibidez, mdmnbA; Facebooken, mdmnbB; Twitterren, mdmnbD…
Azken gomendioa: Noizean behin pasahitzak aldatzea komenigarria da.